>> ARGIA
Zaintzaren ikuspegi desberdinak
2026-09-24 00:00:00
Tender loving care (Zaintza maitekor amultsua) filmari itxura ona hartu nion sinopsia irakurri nuenean: protagonista Amy (Kate O’Flynn) da, lanari denbora eta indar asko ematen dion gizarte langilea. Pelikulan zehar, hainbat kasu artatzen ikusiko dugu, baita bere lagun Rosie (Alice Bailey Johnson) ere, hark ere lan bera du-eta. Lana ez da dena, ordea, eta bien bizitzako alderdi desberdinak ere ikusiko ditugu: nola Amyk bikotea utzi eta Rosieren etxera joan den bizitzera, elkarrekin egiten dituzten hizketaldi luzeak eta baita Amyk bere gurasoekin duen erlazio polit eta goxoa ere. Hitz gutxitan, bizitza arruntak erakusten dituen filma da hau, betiere zaintza ardaztzat duena. Zaintza ez da monolitikoa, ordea, alderdi interesgarri anitz ditu: gizarte zerbitzuen funtzioa eta horietan politikak eta inbertsioak duten garrantzia, familia arteko erlazioak eta hurbilekoen zaintza, lagunen arteko zaintza eta maitasuna, eta baita adin belaunaldi desberdinetan zaintzak hartu ditzakeen formak ere. Gehien gustatu zaidana bere ikuspegi samurra da: pertsonaiek asko maite dute elkar, eta izugarri ondo zaintzen dute batak bestea. Ikuspegi oso baikorra eta osatua eskaintzen dio ikusleari. Zuzendariak ez du inolaz ere ahazten zaintzaren alderdi soziala, esan bezala. Pelikula istorio pertsonal batean oinarritu arren, beti dago esaldiren bat argi uzten duena zaintza gizarte kontua ere badela, ez pertsonen artekoa bakarrik. Oso modu sotilean kritikatzen ditu politika pribatizatzaileak eta horiek duten eragin negatiboa. Pelikularen hasieran agertzen den gizonaren istorioak bikain erakusten du hori. Rosie ikusi dugu hasieran, paziente baten ebaluazioa egiten. Bere lanean ona bada ere, ez da ebaluazio erraza izango, eta hurrengo astean itzuliko dela esan dio. Hurrengo astean, aldiz, pazientea ez da jada ospitalean egongo, joan egin dela esango diote nahiz eta ez dakien zehazki nora. Protagonisten bizitzari jarraika ari garela, ahaztu egingo zaigu paziente hori, geroago gogoraraziko diguten...
73 · Huinen@EuskalReticulum
2026